Gaur hasiko da Inmersiones, artista berrien Gasteizko bilgunea PDF Print Correo electrónico

Berria. 2009.11.20

Euskal arteari diziplina guztietan laguntzeko plataforma gisa eratu zuten iaz, Amarika aretoaren laguntzaz

Bigarren aldia du aurtengoa Inmersiones egitarauak. Gaur hasi eta urtarrilaren 20ra bitarte iraungo du artista edota kolektibo hasi berrien ekoizpenak egungo testuinguruan aztertzeko helburua duen egitasmoak. Izaskun Alvarez Gainzak antolatu du aurtengo egitaraua, hau da, 2008ko programan parte hartu zuten artistetako batek.

Inmersiones iaz eratu zen, euskal arteari adierazpen guztietan laguntzeko plataforma gisa, Amarika aretoaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Lehengo aldi hartan ezarri zen lan ildo berari eutsiz, aurtengo egitarauaren lehen urratsa deialdi publikoa egitea izan zen. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako artisten 52 lan aurkeztu ziren deialdira. Lan horiek hainbat arlotakoak izan ziren: pintura, ilustrazioa, eskultura, argazkigintza, dantza esperimentala, perfomance-a, arte elektronikoa, pentsamendua, bideoa...

Artista berrien egitasmoak

Artisten proposamenak hiru multzo handitan banatu dituzte. Hamar artistaren lanek lantegi batean parte hartu zuten eta hortik erakusketetarako lanak aterako dituzte. Hauek dira hamar artista horiek: Estibaliz Losa, Veronica Eguaras, Manu Uranga, Eduardo Hurtado, Sara Morante eta Sabino Etxeberria, Iker Serrano, Ula Iruretagoiena, Josu Zapata, Ianire Sagasti eta Miriam Isasi. Beste 30 proiektu aukeratu dituzte jendaurrean aurkezteko, eta beste 45 txosten ere egin dira, jendeak kontsultatzeko material modura erabil ditzan.

Gaur irekiko da egitaraua, Gasteizko Amarika aretoan, 19:00etan. Aurkezpen orokorra eta erakusketaren inaugurazioa egingo dira. Bihar, areto berean, 11:00etatik aurrera, berariaz hautatu diren 15 artistaz osatutako lehenengo taldea egitasmoak azaltzen hasiko da. Astebete barru gauza bera egingo dute beste 15 artistaren lanekin. Abenduko asteburuetan, berriz, lantegiak egingo dira, eta 2009ko Inmersiones egitarauaren katalogoa aurkeztuko dute.